sábado, 30 de noviembre de 2013

BARAKALDOKO GAZTETXE IBILTARIA



Barakaldoko gazteriarentzako aisialdi eta kultura leku eta alternatiba hutsaren aurrean, Barakaldoko Gazte Asanbladak (BGA) izaera konstruktiboa duen salaketa kanpaina martxan jarri du. Horretarako, sistemak ezarritako praktiken aurrean alternatiba berriak eskainiko ditu. 

Gure herrian ez da existitzen egungo gizarte kontsumistak eragiten duen merkantilismotik kanpoko gune askerik, langabezian eta dirurik gabe dauden gazteak egoera hau gogorren pairatzen dutenak izanik. Izan ere, gazteriaren aurkako erasoa da dirua ezinbestekoa izatea kultura-ondasunak bereganatu eta jarduera ludikoetan parte hartzeko.

Horrez gain, gehienetan Udaletxeak inposatutako aisi eta kultura ereduarekin ez gaude ados, kontsumo-zerbitzua ez izatea defendatzen baitugu. Guztiz kontrakoa, behetik behekoentzat zuzendutako aisialdi eta kultura eredua bultzatu nahi dugu: elkartasunean eta Ama lurraren errespetuan oinarrituta dagoena, eraikitzailea eta osasuntsua dena, guztion esku dagoena eta guztion parte-hartzea suspertzen duena. Ez gara ondasun ludiko zein kulturalen kontsumitzaile hutsak izaten jarraitu nahi, gure ingurunearen egoeraren isla den aisialdi konstruktibo eta ondare kultural baten sortzaile bilakatzea helburu dugu.

Hau dela eta, gazteriak kultura eta aisialdiaren alorrean jasaten duen egoera baldarra salatzearekin batera, autogestioan oinarritutako lokal alternatibo baten beharra aldarrikatzen dugu, gazteok kudeatuta eta gazteontzat bideratuta.

Horren harira, Barakaldoko plazetan ikusgarri izango den gune alternatiboa sortzea erabaki dugu: GAZTETXE IBILTARIA. Ekimen honek, lokal autogestionatuan garatuko ziratekeen jarduerak herriko kaleetan plazaratzea du helburu. Ideia hau aurrera eramateko, bi ostiralean behin, Udaletxeak inposatutako aisialdi eta kultura ereduari uko eginez alternatibak sortuko ditugu.

Zuen parte-hartzea espero dugu!

Gazteok gaztetxea behar dugu!

Bultza Gazte Antolakuntza!


No hay comentarios:

Publicar un comentario