aurrekari gisa antolatu zuten Ezkerraldeko gaztetxe eta gazte asanbladek, eta eskualdeko koordinadora indartze eta garatze aldera pausu oso emankortzat hartu. Hori dela eta hurrengo hilabeteetan ere baturik lan egiteko borondatea agertu dute eskerraldeko gaztetxe eta gazte asanbladetako kideek, eta Altsasun egingo den Euskal Herriko gaztetxe egunean parte hartzeko deia luzatzeaz gain, bertara joateko autobusa ere antolatu dutela adierazi zuten. Zerrendak eskualdeko gaztetxeetan daude.
Dozenaka gaztek parte hartu zuten larunbatean egun guztian zehar Ezkerraldea zeharkatu zuen "gaztetxe martxan". Goizeko 11.30etan zegoen jarria hitzordua Santurtziko La Kelo gaztetxean, eta ordurako ibilbidea egiteko prestatuta zeuden gazteek La Kelokoek prestaturiko pintxo begetarianoak jateko aukera izan zuten, martxari indarrez ekiteko.
Megafoniaz lagunduta ekin zioten bideari gazteek, Santurtzi eta Portugalete itsasardar parean lotzen dituen bidetik, asken herri honetako alde zaharrean dagoen Koskoenea gaztetxea heldu arte. Bertan txalapartariak zeuzkaten zain harrera egiteko, eta musika emanaldi eta poteo baten ondoren bokata-bazkaria eskaini zuten Portuko gaztetxekoek.
Arratsaldean ekin zitzaion berriz bideari, Sestaoranzko norabide hartuz, Txabarri auzoko hiru kontzejuen plazaraino. Bertan Sestaoko gazte asanbladakoek antolatutako herrien arteko jolasak egin ziren; sokatira, saku-lasterketa eta txingaz uztartuz.
Arratsaldean amaitzen ari zela iritsi ziren gazteak Barakaldoko Oleta gaztetxera oihu eta kantiken artean, nekez baina adoretsu. Eguneri amaiera emateko Sagardole taldearen kontzertuaz gozatu zuten 70 bat lagunek Barakaldoko gaztetxean, eta ia beste hainbestek eskualdeko zenbait bertsolarik girotutako afaria dastatu zuten. Gaueko ordu txikitan amaitu zuten jaia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario