viernes, 19 de octubre de 2012

Barakaldoko Gazte Asanbladaren komunikatua hauteskundeei begira.




Egungo koiuntura politikoaren atarian, lau urtero gisara, hainbat alderdik haien siglak beste behin eskaintzen dizkigute. Krisiaren erantzule zuzenak diren sigla horiek jada guztiontzat nahiko ezagunak dira (PNV,PP,PSOE,UPyD,EB). Ustelkeria zainetan daramaten kargu politikoz osatutako alderdiak dira hauek, haien interes pertsonalak eta kapitalaren interesak herriaren ongizatearen aurretik jartzen dituztenak. Hauek dira krisiaren erantzule bakarrak banketxeekin batera!! 

Ez dira harritzekoak kapital handiek eta gure "politikariek" komunean dituzten loturak, kargu publikoetik enpresa eta banku pribatuetako postuetara salto egiten dutelako askotan, kasuak kasu; Elena Salgado (Endesa), Angel Acebes (Bankia), Pedro Solves (Enel, Barclays), Jose Maria Aznar (Endesa), Felipe Gonzalez (Gas Natural), Eduardo Zaplana (Telefonica), Josu Jon Imaz (Petronor), etab. Nola izango dira hauek krisiarekin amaituko dutenak? 


Gazteok argi daukagu bidea:

BANKUEI DIRUA EMAN BEHARREAN:

-HEZKUNTZAn inbertitu behar da, gu baikara herri honen etorkizuna eta oraina.

-OSASUN PUBLIKOAn inbertitu behar da, osasuna eskubide unibertso baita, ez baita negozio.
-PAREKIDETASUNERA eramango gaituzten bideetan inbertitu behar da, emakume zein gizon parekatuz
-KRISIAK GEHIEN KALTETU DITUEN HERRITARRETAN inbertitu behar da, gehien duten betikoak irabazten atera ez daitezen besteen kontura.
-AMA LURRAREN DEFENTSAN inbertitu behar da, naturaren osasunaz ahaztu gabe.
-AURRERAPENEAN zein IKERKETAN inbertitu behar da, herri honek ekonomikoki aurrera egin dezan.
-LANGILEetan inbertitu behar da, lanpostuak hobetuz eta lan produkzioen kalitatea garatuz.

Herria bera izan behar delako herriaren motor, herrian dagoelako subiranotasun osoa, horrela estatu aske bat sortzeko gai izango garelako. Euskal Herria ezkerretik eraiki behar dugulako, kapitalismoaren inposaketatik alde eginez estatu sozial, libre eta justu bat eraikiz.


MOBILIZA ZAITEZ GAZTE!!! 


BARAKALDO GAZTEA GORRIA ETA ASKEA!

martes, 16 de octubre de 2012

Grebarekin ez da nahikoa


Axier López/ Argia eta Herrikoloreko kidea
Atzo, asteartean, goizeko 9etan kafetegi batean entzundakoak ondo laburbildu du gaur Barakaldon grebak izan duen eragina. Zerbitzaria eta bezeroa, biak berrogei urteren bueltan, emakumezkoak, barran kateatuta hitz eta pitz. Zeinen gaizki dagoen kontua, politikari guztiak bizizaleak direla, ez dagoela deretxorik... Batek pentsa lezake argudioen kutsu ideologikoa ikusita, gaurko grebaren garrantzia eta beharra begi onez ikusiko zutela baina hara non, bezeroak greba hitza aipatu eta segituan eztabaida kolorez aldatu zen. "Grebetan gehien galtzen duena langilea da ", "hilabete amaierara heltzeko eskas dabilenak ezin du grebarik egin", "ya, maja, atzo izan nituen piketeak tabernan panfletoak banatzen eta ez badugu ixten...".
 Gaur Barakaldoko erdigunean ikusitakoa ulertzeko bikote horrek greba ulertzeko egindako ariketa ideologiko berdina oso baliogarria da. Hau da, mobilizatzeak norberari dakarzkion kalteak gizartearen eta langileen eskubideen gainetik ulertzeak ekarri du Barakaldoko erdiguneko komertzioen bi herenak irekita mantentzea. Hobe eguneko irabaziak gorde, horiek gabe protestatzea baino.
Goizeko 7etan abiatu den piketea BECera hurbildu denean Ezkerraldeko LAB sindikatuko kide batek azaldu digu ondoren industria-guneetan ikusiko genuena: “Inguruko lantegi gehienak itxita izango dira gaur, baina horietako askoren arrazoia ez da greba izango”.
Kapitalismoaren krisia Euskal Herrira nonbaitetik sartu bada, ate nagusia Ezkerraldean izan zuen. Gaur egun Barakaldoko zein Ezkerraldeko industria-guneen itxura 2001. urtean corralito famatua indarrean sartu aurretik Buenos Aires hiriko gerriko industrialean zegoenaren antzekoa da. Orain gutxira arte bizitasun handiko pabiloi asko, egun hilda daude eta bizirautea lortu duten apurretan EREak dira nagusi.
Aparteko aipamena merezi du zerbitzua ematen duen biztanleko Europako merkatalgunerik handiena den Megaparkaren kasua. Conforama, Decathlon, Toys’r'us eta MediaMarkt bezalako multinazionalen habia. Ezkerraldeko bizilagunei prekarietatea zer den irakatsi dieten enpresa erraldoi hauen ateak irekita mantendu dira. Pikete taldeak parean ikusi arte, bederen.
Gure artean ironiaz esaten dugu sarri euskara gehien entzuten den lekua Ikea dela, gipuzkoarren altzari goseak sortutako asteburuko pelegrinazioari esker. Bada, goizean goiz, Bilboko edota Iruñeko Corte Inglesak nola, Ertzaintzak babestua izan da, piketeak informazioa barrura eramatea eragotziz.
Puntu honetan aipatu beharra dago Ertzaintzaren jokaera. Goizean zehar pertsona bat edo beste identifikatuarazi badute ere, nahiko jarrera lasaia mantendu dute, pikete taldeko kideek adierazi digutenez. Eguerdian aldiz baretasun hori tentsio bilakatu da.
Hiru pikete taldeak erdigunean batu ostean, Justizia Jauregiaren alboko taberna batean sartzen saiatu direnean polizia autonomikoa bertan bildutakoaren aurka oldartu da. Emaitza: bi pertsona anbulantzian artatu behar izan dute. Horietako bat Periko Solabarria, 84 urteko militante abertzale ezaguna. Horrelaxe azaldu digu gertatutakoaren zergatia: “Ertzain batengana hurbildu naiz azalpen eske. Berak pertsonalki asko sentitzen duela adierazi dit (egia esan ezaguna nuen, nik bataiatu nuen eta). Goiz osoan zehar gurekin, piketeekin, batera ibilitako ertzain taldeko burua da, eta gurekin ez dute jarrera oldarkorrik. Eguerdi partean aldiz beste brigada bat etorri da eta horiek helburu garbia zutela adierazi dit ertzain-buruak: piketeekin nola edo hala moztea”.grebazipi
Greba egun honen berezitasunetako bat Barakaldon: herriko eragileek erabaki dute Bilboko manifestaziora joan beharrean herrian geratzea, komertzio zein lantegietan informazioa banatzen jarraitzeko. Askoren aspaldiko kritika da eguerdiko manifestazio jendetsuek sindikatuek argazkia egiteko baino ez dutela balio, inguruko herri guztietan egin beharreko lana albo batera utzaraziz.
Gogoeta honen atzean erakusten dena da Ezkerraldeak baduela nahikoa arrazoirik Barakaldo, Sestao, Santurtzi zein Portugaleteko bizi-baldintza gogorrei arreta eta esfortzu berezia eskaini behar izateko:
• Ezkerraldeko 51.500 familiak arazoak dituzte hilabete amaierara heltzeko, azken bi urtetan %17 egin baitu gora txirotasunaren mugaren azpitik bizi den familia kopuruak. Halaber, emakumeetan bost aldiz handiagoak dira txirotasun tasa hauek.
• 20.500 lagun langabezian daude –eskualdeko biztanleria aktiboaren %20, Euskal Herriko altuena–. Azken urtean %15 egin du gora, 2.638 pertsona gehiago kale gorrian utzita.
• 42.000 langileren lana prekarioa da.
• 2.875 lagunek merkatalgune handietan egiten dute lan, 500 eurotik beherako soldataren truke.
• Banku zein administrazio publikoek 446 familia etxetik bota zituzten 2011n.
Ataka gogor honetatik irteteko neurri bereziak beharko dira eskualde honetan. Neurri ekonomiko, sozial eta politikoak. Inork ez du zalantzan jartzen oraingo bidea jarraituta eta gurasoen koltxoia pitzatzen denean, eskualdearen egoera dramatikoa izango dela. Zalantza gehiago badira, aldiz, aldaketa sortzeko jarraitu beharreko bideaz.
Erantzun errazik ez du baina gaur entzuteko aukera izan dugu egoera honi tamaina hartzeko modukoa litzatekeen bidea; Ertzaintzak pikete taldeari eguerdiko manifestazioa egiteko baimenik ez dagoela adierazi dionean, espontaneo batek, oihu batean, bertan bildutako dozenaka lagunei adierazitakoa: “Egun bateko grebarekin ez goaz inora. Borrokak eta ekimenak ugaldu egin behar dira. Etxetik kanporatzeak egunero ikusten ari gara, enpresetan murrizketak edo kaleratze masiboak, ilara amaigabeak jakien bankuen aurrean ahora zer eraman ez dakitenek osatuta… Orain mugitu beharra dago. Hemen ere baditugu inguratu beharreko kongresuak. Sindikatuek egingo dutenaz gain, auzoka, lantegika, herrika, ikastetxeka antolatu beharra dago langile zein langabetu guztiontzat beranduegi izan baino lehen“.

“Gazte Zukgua” prozesu eratzailea aurkeztu dute




Ehunka gazte batu dira Zarautzen gazte antolakunde berri bat sortzea helburu izango duen Zukgua prozesu eratzailea aurkezteko. Norbanakotik kolektibora jauzi egiteko “zukuan” murgildu dira udaran zehar 200 herritako 800 gazte inguru, eta egindako hausnarketak gainontzeko gazteekin partekatzeko ordua iritsi dela jakinarazi dute, guztien artean eratuz Euskal Estatu Sozialista lortzea helburu izango duen gazte antolakunde berria.
Norbanakotik kolektibora, antolaketan ikusten dutelako Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa lortzeko bide bakarra. Halere, azpimarratu dute kolektibo izateak ez duela homogeneoa izatea esan nahi, eta gazte guztien zaporea behar duela prozesuak. “Zer nahi eta behar dugun definitzeko prozesu bat abiatu dugu”, azaldu dute, baita prozesu guztiz publikoa eta gazte ororentzat irekia izango dela ere. Prozesuaren xehetasun guztiak www.gaztezukgua.info webgunean bilduko dituzte, eta nazioarteko bira bat egingo dutela ere jakinarazi dute (webgunean emango dute biraren berri).
Prozesua aurkezteko, ez da zukurik edo frutarik probatzeko aukerarik falta izan Zarautzen. Euskal Herriko hainbat txokotatik hurbildutako gazteek Zarauzko Gaztelekura eta, ondoren, Munoa plazara egin dute txangoan, bakoitzak bere fruta izaera propiotik mazedonia erraldoia osatzeko lehen urratsa emanez.
Gaztelekuan jolaserako, eztabaidarako, sormena lantzeko zein dastamena martxan jartzeko tartea izan dute. Bost gunetan zatitu dute frontoia: Harremandu, Eztabaidatu, Ekin, Eraiki eta Izan. Gunez gune egin dituzten jolasekin islatu dute gazte antolakunde berriaren prozesu eratzailearen filosofia. Izan ere, adierazi dute prozesuak ahalik eta gazte gehienen artean harreman sarea sortzea duela helburu:  “Gazte mugimenduko espresio ezberdinak batu nahi ditugu”.
Urrian bertan hasiko da prozesu eratzailea, eta martxoaren 2ra arteko iraupena izango du. Ondoren, jaialdi erraldoi batekin ospatuko da antolakunde berriaren jaiotza. Dagoeneko  200 herritan baino gehiagotan izan dira gogoeta prozesuak udan, eta 800 bat lagunek hartu dute parte. Orain, egitasmoa ahalik eta gazte gehienen artean eratzea dute helburu, eta berehala hasiko dira euren herrietako gazteekin lehen eztabaida asanbladak egiten. Formakuntza, parte hartzea eta hausnarketa uztartuko dituzte, umorea ere tarteko: “Gazteok bildu eta ondo pasatzeko aitzakia ezin hobea ere izango da”.
Prozesuak ahalik eta gazte gehienek hausnartzea eta eztabaidatzea izango du helburu. Hausnarketaz eta eztabaidaz, sistemaren zapalkuntza identifikatu eta ahalik eta gazte gehienek sistema irauli eta alternatibak eraikitzeko nahia eta beharra azaldu dute. Zapalkuntza oro irauliz eta horrekiko alternatibak eraikiz, gazte antolakundea sortzeko bidea egiteari ekin diote Zarautzen bildutako gazteek.
Halaxe abiatu da gazte antolakunde berria izango denaren prozesu eratzailea, koloretsu, bizi, frexko, gogotsu eta indarrez beteta. Datozen hilabeteetan lan itzela dute euskal gazteek hausnarketa eta eztabaida guneak aurrera ateratzen, baina, jakinarazi dute, emaitza ezin hobea izango duen itxaropenak lagunduko diela prozesu arrakastatsua egiten.