Axier López/ Argia eta Herrikoloreko
kidea
Atzo, asteartean, goizeko 9etan kafetegi batean entzundakoak
ondo laburbildu du gaur Barakaldon grebak izan duen eragina. Zerbitzaria eta
bezeroa, biak berrogei urteren bueltan, emakumezkoak, barran kateatuta hitz eta
pitz. Zeinen gaizki dagoen kontua, politikari guztiak bizizaleak direla, ez
dagoela deretxorik... Batek pentsa lezake argudioen kutsu ideologikoa ikusita,
gaurko grebaren garrantzia eta beharra begi onez ikusiko zutela baina hara non,
bezeroak greba hitza aipatu eta segituan eztabaida kolorez aldatu zen.
"Grebetan gehien galtzen duena langilea da ", "hilabete
amaierara heltzeko eskas dabilenak ezin du grebarik egin", "ya, maja,
atzo izan nituen piketeak tabernan panfletoak banatzen eta ez badugu
ixten...".
Gaur Barakaldoko erdigunean ikusitakoa ulertzeko bikote
horrek greba ulertzeko egindako ariketa ideologiko berdina oso baliogarria da.
Hau da, mobilizatzeak norberari dakarzkion kalteak gizartearen eta langileen
eskubideen gainetik ulertzeak ekarri du Barakaldoko erdiguneko komertzioen bi herenak
irekita mantentzea. Hobe eguneko irabaziak gorde, horiek gabe protestatzea
baino.
Goizeko 7etan abiatu den piketea BECera hurbildu denean
Ezkerraldeko LAB sindikatuko kide batek azaldu digu ondoren industria-guneetan
ikusiko genuena: “Inguruko lantegi gehienak itxita izango dira gaur, baina
horietako askoren arrazoia ez da greba izango”.
Kapitalismoaren krisia Euskal Herrira nonbaitetik sartu bada,
ate nagusia Ezkerraldean izan zuen. Gaur egun Barakaldoko zein Ezkerraldeko
industria-guneen itxura 2001. urtean corralito famatua indarrean sartu aurretik
Buenos Aires hiriko gerriko industrialean zegoenaren antzekoa da. Orain gutxira
arte bizitasun handiko pabiloi asko, egun hilda daude eta bizirautea lortu
duten apurretan EREak dira nagusi.
Aparteko aipamena merezi du zerbitzua ematen duen biztanleko
Europako merkatalgunerik handiena den Megaparkaren kasua. Conforama, Decathlon,
Toys’r'us eta MediaMarkt bezalako multinazionalen habia. Ezkerraldeko
bizilagunei prekarietatea zer den irakatsi dieten enpresa erraldoi hauen ateak
irekita mantendu dira. Pikete taldeak parean ikusi arte, bederen.
Gure artean ironiaz esaten dugu sarri euskara gehien entzuten
den lekua Ikea dela, gipuzkoarren altzari goseak sortutako asteburuko
pelegrinazioari esker. Bada, goizean goiz, Bilboko edota Iruñeko Corte Inglesak
nola, Ertzaintzak babestua izan da, piketeak informazioa barrura eramatea
eragotziz.
Puntu honetan aipatu beharra dago Ertzaintzaren jokaera. Goizean
zehar pertsona bat edo beste identifikatuarazi badute ere, nahiko jarrera
lasaia mantendu dute, pikete taldeko kideek adierazi digutenez. Eguerdian aldiz
baretasun hori tentsio bilakatu da.
Hiru pikete taldeak erdigunean batu ostean, Justizia Jauregiaren
alboko taberna batean sartzen saiatu direnean polizia autonomikoa bertan
bildutakoaren aurka oldartu da. Emaitza: bi pertsona anbulantzian artatu behar
izan dute. Horietako bat Periko Solabarria, 84 urteko militante abertzale
ezaguna. Horrelaxe azaldu digu gertatutakoaren zergatia: “Ertzain batengana
hurbildu naiz azalpen eske. Berak pertsonalki asko sentitzen duela adierazi dit
(egia esan ezaguna nuen, nik bataiatu nuen eta). Goiz osoan zehar gurekin,
piketeekin, batera ibilitako ertzain taldeko burua da, eta gurekin ez dute
jarrera oldarkorrik. Eguerdi partean aldiz beste brigada bat etorri da eta
horiek helburu garbia zutela adierazi dit ertzain-buruak: piketeekin nola edo
hala moztea”.
Greba egun honen berezitasunetako bat Barakaldon: herriko
eragileek erabaki dute Bilboko manifestaziora joan beharrean herrian geratzea,
komertzio zein lantegietan informazioa banatzen jarraitzeko. Askoren aspaldiko
kritika da eguerdiko manifestazio jendetsuek sindikatuek argazkia egiteko baino
ez dutela balio, inguruko herri guztietan egin beharreko lana albo batera
utzaraziz.
Gogoeta honen atzean erakusten dena da Ezkerraldeak baduela
nahikoa arrazoirik Barakaldo, Sestao, Santurtzi zein Portugaleteko
bizi-baldintza gogorrei arreta eta esfortzu berezia eskaini behar izateko:
• Ezkerraldeko 51.500 familiak arazoak dituzte hilabete
amaierara heltzeko, azken bi urtetan %17 egin baitu gora txirotasunaren mugaren
azpitik bizi den familia kopuruak. Halaber, emakumeetan bost aldiz handiagoak
dira txirotasun tasa hauek.
• 20.500 lagun langabezian daude –eskualdeko biztanleria
aktiboaren %20, Euskal Herriko altuena–. Azken urtean %15 egin du gora, 2.638
pertsona gehiago kale gorrian utzita.
• 42.000 langileren lana prekarioa da.
• 2.875 lagunek merkatalgune handietan egiten dute lan, 500
eurotik beherako soldataren truke.
• Banku zein administrazio publikoek 446 familia etxetik bota
zituzten 2011n.
Ataka gogor honetatik irteteko neurri bereziak beharko dira
eskualde honetan. Neurri ekonomiko, sozial eta politikoak. Inork ez du
zalantzan jartzen oraingo bidea jarraituta eta gurasoen koltxoia pitzatzen
denean, eskualdearen egoera dramatikoa izango dela. Zalantza gehiago badira,
aldiz, aldaketa sortzeko jarraitu beharreko bideaz.
Erantzun errazik ez du baina gaur entzuteko aukera izan dugu
egoera honi tamaina hartzeko modukoa litzatekeen bidea; Ertzaintzak pikete
taldeari eguerdiko manifestazioa egiteko baimenik ez dagoela adierazi dionean,
espontaneo batek, oihu batean, bertan bildutako dozenaka lagunei adierazitakoa:
“Egun bateko grebarekin ez goaz inora. Borrokak eta ekimenak ugaldu egin behar
dira. Etxetik kanporatzeak egunero ikusten ari gara, enpresetan murrizketak edo
kaleratze masiboak, ilara amaigabeak jakien bankuen aurrean ahora zer eraman ez
dakitenek osatuta… Orain mugitu beharra dago. Hemen ere baditugu inguratu
beharreko kongresuak. Sindikatuek egingo dutenaz gain, auzoka, lantegika, herrika,
ikastetxeka antolatu beharra dago langile zein langabetu guztiontzat beranduegi
izan baino lehen“.
No hay comentarios:
Publicar un comentario