Barakaldoko gazteria aurrera doa. Etenbarik lanean, elkarren artean lanean. Ohiko dinamikari uko eginez, herriko gazte erakundeek bere kabuz lan egiteari utzi, eta, gazte mugimendu bateratu bat sortzeari buru-belarri ekin diote. Lehenengo pausua barne hausnarketa izan zen. Herriko gazte antolakundeek azken urteetan egindako diagnostikoa, hain zuzen ere. Amankomuneko lana egitearen beharra antzeman zuten orduan. Indarrak batzearen beharra. Eta, horretarako, Barakaldoko jaiak baliatuz, Barakaldoko Gazte Eguna antolatu zuten Barakaldoko Gazte Independentistak, Barakaldoko Gazte Asanblada, eta MakaÜen gazte konpartsa taldeek. Deialdi bateratua, eta erantzuna, itzela. Goizeko jardunaldietan, hiru ordu luzez, ehun bat gazte eztabaidan sutsuan aritu ziren: Hezkuntza, Emakumea, Etxebizitza, Aisialdia, Kultura, Langabezia... Barakaldoko egoeraren diagnostiko bat egiten, bakoitzaren ikuspuntua plazaratzen, besteen iritziak kontutan hartzen.
“Herriko gazteriari herrian ikusten dituen problemak zeintzuk diren lehenengo aldiz galdetu zaio, eta, emaitzak ikusita, sistema honekin asmatu dugulakoan gaude. Erantzuna izugarrizkoa izan da, Barakaldon ez da inoz holako Gazte Egun handia eta zabala eman”, adierazi zioten HerriKoloreri ekimenaren bultzatzaileek. Poza ulergarria. Jardunaldien ostean egindako bazkarian 150 gazte inguru bildu ziren. Barakaldo batean benetan kopuru itzela. Inoiz baino handiagoa. Arratsaldean, antolatutako tailer ezberdinetan ere partehartzea zabala izan zen oso: Kukutzako rokomobila, txalaparta tailerra, graffiti, zankoak... Gazte Egunari amaiera emateko, berriz, Ezkerraldea Sound System: Revolta Permanent, 121 Krew eta Norte Apache taldeetako kideak batera, txosnagunea musikaz betetzen.
Egunaren balorapena, oso positiboa. “Oso ilusio handiz hartzen dugu hau. Ezin da hemen bukatu. Hemendik aurrera hau guztia landu beharko da gazteekin, Barakaldon gazte mugimendu potente bat aurrera ateratzeko”. Beraz, lana hasi baino ez da egin. Datozen hilabeteetan, ondorioak atera, eta, herriko gazteekin batera, arloz arlo, borroka horiek landuko dituzte Barakaldon.
BARAKALDOKO GAZTERIA AURRERA!!!
LORTZEN ARI GARA..
No hay comentarios:
Publicar un comentario