Barakaldon, hondakinen kudeaketa egokia lortzeko lehenengo pausutzat 5.
edukiontzia jartzeko egindako proposamenaren aurrean, bai Udal Gobernuak eta
baita Bizkaiko Foru Aldundiak argi utzi dute ez dutela egungo hondakinen
kudeaketa ezegokia hobetzeko inolako asmorik.
Aurrekariak: 2011ko
apirilean, EGUZKI Talde Ekologistak hondakinen erabateko kudeaketa lortzeko
lehenengo pausutzat 5. edukiontzia ezartzeko iradokitzen zuen eskaera aurkeztu
genuen Barakaldoko Udal Erregistroan eta ohikoa den moduan, ez genuen inolako
erantzunik jaso.
Eskaera honek helburu argia zuen: barakaldarrok gure etxeetan sortzen
ditugun izaera organikoa duten hondakinak biltzeko edukiontziak erabiltzeko
aukera izatea.
Urte bat beranduago, eskaera berbera egin dugu, baina oraingo honetan
udal talde guztiek, PSOE salbu, babestutako mozioa aurkeztu dugu. Mozio
honek gainera, Udal Gobernuari edukiontzi hauek ezartzeko Bizkaiko Foru
Aldundiak eskaini duen
diru-laguntza eskatzeko esaten dio. Baina, PSOEk aurreratzen da eta Udalbatza
baino lehenago, udal talde guztiengana jotzen du Udal Gobernuak egindako eskaeraren berri
emateko. Eskaera honek, 5.edukiontzia ezartzeko ikerketa bat martxan jartzeko
plana aurkezten du. Ikerketa fase
honetan, Udalerriko bi auzo bakarra, bi gehienez jota, parte hartuko lukete.
Aukeratutako auzoak, Urban-Galindo eta San Bartolome (Done Bikendiko Dorreak)
dira, eta bien artean 6.634 herritar hartzen dituzte, hau, Barakaldoko biztanleriaren %7a
baino gutxiago da. Sistema honetan parte hartzeko aukera izango luketen
erabiltzailea eskasen arazoari, beste alderdi negatiboak gehitu behar zaizkio:
edukiontzien erabilera ekintza boluntario bezala proposatzen dute eta gainera,
ez daukate proiektu hau indartuko duen informazio eta kontzientzia kanpaina
martxan jartzeko asmorik. Honek, emaitzak eskasak izango direla aurreikustera
garamatza. Baina, PSOEk nahi zuena lortu du, guk proposatutako mozioa bertan
behera geratu da, ez baitute Udal Osoko Bilkuren eztabaidatu eta bere planak
aurrera darrai.
EGUZKIk alde betetik, Barakaldoko Udal Gobernuaren azpijokoa salatu nahi
du eta beste aldetik, Udal Gobernuari auzo guztietan 5.edukiontzia ezartzeko
eskatu nahi dio. Aldi berean,
herritar guztioi eskaera honekin bat egiteko eskatzen diegu, hau gure
herrian hondakinen kudeaketa egokia lortzeko abiapuntua izan daiteke eta.
Agintariei eta baita herritarrei ere gogorarazi nahi diegu, egungo
kudeaketa sistemaren ondorioz, gure herritik 8 kilometro eskasera Zabalgarbiko
Errauskailua (ezin dugu itxita dagoen Argalarioko Zabortegia ahaztu) daukagula eta honen eguneroko lanari
lotutako inpaktuek (kutsadura, dioxina eta furanoen isurpena, inguruko lurren
eta uren kutsadura) eragin zuzena daukatela gure osasunean. Izan ere, isuriek
zenbait gaixotasun (minbizia, alergiak, arnasteko-arazoak…) garatzeko arriskua
handiagotzen dute.
Arazo honen aurrean eskaintzen diguten aukera bakarra, neurririk gabeko
kontsumoa, lehengaien xahuketa, beste herrialdeekiko batere solidarioa ez dena,
lur eta urak kutsatzen dituena, berdeguneak akabatzen dituena… eta gainera,
beranduago erreko diren hondakinak etengabe sortzen dituen eredu jasanezina da.
Baina, eredu honek aurrera jarraituko du, herritar gehienak kaltetzen dituen
arren, gutxi batzuen patrikak gehiago betetzeko baliogarria izaten jarraitzen
duen bitartean.
Guri dagokigu, herritarroi, hondakinen berrerabilpena eta birziklapena
eskubidea eta aldi berean, betebeharra izatea eskatzea, bizitzeko egokiagoa
izango den mundu bat lortzeko.
EGUZKIn, helburu bikoitza lortzeko lanean jarraituko dugu: sortutako
hondakin kopurua murriztea eta hondakinak modu egokian jasotzea, hauek
berrerabili eta birziklatu ahal izateko. Nahiz eta, batzuek, Barakaldoko PSOEk
egin duen bezala, gure arreta desbideratzeko azpilanak egin.
BARAKALDOKO
EGUZKI
2012ko ekainaren 11an
No hay comentarios:
Publicar un comentario