jueves, 28 de junio de 2012

SEXU ASKAPENAREN ALDEKO MOBILIZAZIOA, GAUR SESTAON

Gaur 20:00etan Sestaoko udaletxean sexu askapenaren aldeko mobilizazioa izango da Sestaoko Gazte Asanbladak antolatuta. Hone hemen Sestaoko Gazte Asanbladaren oharra:

Sestaoko Gazte Asanbladak deia egiten du gure herrian laugarren urtez, ekainaren 28an, LGBT askapen eguna dela eta, antolatutako ekimenetan parte hartzeko. Aurten, aurreko urteetan bezala, ekimen zentrala “sexu askapena herri librea eraikitzeko” lemapean Sestaoko udaletxeko eskilaretan egingo den kontzentrazioa izango da, ostegunean bertan, arratsaldeko 8etan.

Sestaoko Gazte Asanbladaren ustez, argi geratzen da homofobia, lesfobia eta transfobia ez direla kasualitatea, gizartearen gidaritza gizon, heldu eta heterosexualengan lagatzen duen antolaketa patriarkalari erantzuten diotela baizik. Egun, LGBT kolektiboari mundu zabalean eskaintzen zaion errezeta, eta Euskal Herria ez da salbuespen, normaltasunetik urrun dago: Eskuin muturra eta erlijioen ofentsiba, transexualen psikiatrizazioa, irain eta erasoa, jazarpena, eta heritza zigorra ere bai, normaltasunez sexu edo genero orientazioa garatu nahi izateagatik.

Horren aurrean, Sestaoko Gazte Asanbladak kalera irtetearen garrantzia azpimarratu nahi du, herri eta auzoetan ere bai askapen sexualaren aldeko borrokari gorpua emanez, duela 43 urte luze Stonewalleko iraultzaren ondotik bizitako arima borrokalari berdinarekin, inposaketa eta diskriminazio ororekin amaitzeko bidean.

Zentzu honetan, gaur goizean Sestaoko udalean izandako udalbatzan Bilduk norabide berean aurkeztutako mozioa eztabaidatu da, udalari ostegunean Sestaon egingo den mobilizazioari babesa ematea eskatzen ziona. Bildu eta PNVren bozkarekin atera da aurrera eta PSOE eta PPk abstentziorako hautua egin dute. Hau horrela, Sestaoko udalak babesa adierazi dio mobilizazioari.

Horretaz gain, zenbait eragile sozial eta politikok ere bai euren babesa agertu dute. Hurrengoak dira: Bildu, Ezker Abertzalea, Izquierda Unida, Karibe Kolektiboa (Sestao), Barakaldoko Gazte Asanblada, Portugaleteko Gazte Asanblada, La Kelo gaztetxea (Santurtzi), Mamarigako Kultur Etxea, Gazte independentistak, Ikasle Abertzaleak, Pikutara gazte konpartsa (Sestao), Andere Bidatz talde feminista (Portugalete) eta Iretargi Barakaldoko emakume gazteak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario