lunes, 6 de septiembre de 2010

DENONTZAT ESKUBIDE GUZTIAK EUSKAL HERRI OSOAN



Adierazi Euskal Herria ekimenak, eskubide politiko eta sozialen aldeko manifestazio nazionala antolatu dute. Irailaren 11an 17:30etan Aita Donostian.



Hona hemen Adierazi Euskal Herriaren manifestua:

ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOEN ALDEKO EKIMEN HERRITARRA EUSKAL HERRIAN

Euskal Herrian gaur egun, Estatu bien agintepean, ez dira bertoko herritarren oinarrizko eskubideak zaintzen. Aitzitik, eguneroko ogia dira gurean giza eskubideen bortxaketak, eta okerrera doaz egunetik egunera, jasanezina bihurtuz egoera . Ez dugu onartzen egoera hau, eta gehiago luzatzen ez uztea erabaki dugu gainera. Euskal Herriak, bertoko herritar guztiok, lehenbailehen behar dugu zuzenbidezko egoera gurean, pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen egoeraren premia dugu, zeinean eskubide zibil eta politikoen praktika bermatua izango den eta , salbuespeneko inolako egoerarik edo egintzarik gabe, herritarroi hitza eman eta geure erabaki demokratikoak beteko diren.

Herritarron jardun ireki eta anitza izan nahi du ADIERAZI EUSKAL HERRIA ekimenak, eta herritarrak oro deitu, herriz herri eta arloz arlo, sarean antolatu gaitezen eta modu positiboan jokatzera, zentzu anitzetan, gaurko egoerarekin zerikusia duten eragile guztiekin harremanetan jarri eta, modu horretan, gerta zitekeen edozein eskubide bortxaketa aurretik ekidin eta geldiarazteko, eta arazo sozial zein politikoak bide demokratikoetatik bideratzeko moduko egoera berria lortzeko. Euskal Herria aintzat hartu eta berton bizi garen guzti guztion eskubideak bermatuko dituen egoera lortu nahi dugu hainbat arinen, geure etorkizuna geuk askatasun osoz erabaki dezagun.

ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOEN ALDEKO EKIMEN HERRITARRA GARA:

Euskal Herri osoan egoera berria sortzera deitzen zaituztegu , eta horretarako erabakitasunez eta berehala elkarrekin ekitera, ideiak eta iritziak modu librean plazaratzeko aukera sortu behar dugu, inolako jazarpen, debeku, epai edo zigorrik gabe, eta ideia eta erabaki libre horiek izan daitezela gure herriaren antolaketa demokratiko berriaren oinarri sendoak.

Elkarbizitza demokratikoaren antolaketa euskal herritarron esku jarri behar da, horretarako giza eskubideen nazioarteko arautegia gida hartuta , eta zehatzago esanda, Nazio Batuen Erakundeak aldarrikatu dituen Giza Eskubideen Adierazpena , Eskubide Zibil eta Politikoen zein Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunak eta gaur arte garatu dituen arau guztiak aintzat hartuta, zeinetan zehazten diren, bai gizabanakoaren oinarrizko eskubideak, eta hauen artean bizitzeko eskubidea, askatasuna izatekoa, eta torturarik edo tratu krudel, anker edo laidogarririk ez pairatzekoak, edo inkomunikazio egoerarik ez jasatea; baita gizarte bizitza modu demokratikoan antolatu ahal izateko behar diren eskubide banako zein kolektiboak. Esan behar da, hala ere, azkenaldian gertatzen diren eskubide bortxaketa ugari guzti guztiak alde batetik sortuak direla, estatu botereetatik alegia. Hori guztia dela eta, ondoko hauxe da hemen eta gaur azpimarratu behar duguna :

- Iritzi-askatasuna. Estatuek eskura dituzten neurri guztiak erabiltzen dituzte, hitza kentzeaz gain, Euskal Herrian pentsamendu disidentea erabat baztertzeko ere. Salbuespen-egoera ezartzen ari da aldarrikapen zil-egiak zentsuratzen dituena eta horrek eragin saihestezina dauka pentsamendu-askatasunean.

- Adierazpen-askatasuna. Komunikabide batzuk ixtea, prentsaurreko, hitzaldi eta ekitaldi publikoetan parte-hartze eta zenbait ideiaren, baita sentimenduen adierazpena kriminalizatzeak ondorio atzeraezinak ditu herritarrek bizitza politikoan duten parte-hartzean. Horrek inoiz bere burua era desegokian zuzenbidezko estatutzat jo duen estatuaren heriotza ziurtatzen du. Adierazpen askatasun bete betea aldarrikatzen dugu, eta honekin batera, norberaren hizkuntzan bizitzeko eskubidea, eta eskubide hori gauzatu ahal izateko behar diren neurri guztiak har daitezen eskatzen dugu.

- Elkartzeko eta politikan aritzeko askatasuna. Herri erakundeak legez kanpo uztea, horien jarduerak debekatzea eta horietan parte hartzen duten herritarrak kartzelan sartzea estatuaren autoritarismoaren eta antolatzeko eskubidea monopolizatzeko nahiaren erakusle argiak dira. . Politikan aritzeko debekua jartzen zaie, epaileen autoetan, ideiengatik prozesatu eta behin behineko askatasunean daudenei, eta berau eskubideen aurkako eraso berri eta harrigarria da berez. Elkartzeko eta politikan libreki aritzeko askatasun osoa eskatzen dugu, eta horien barruan, kontsultak egin ahal izatea eta, oro har, demokrazia zuzenaren praktika.

- Manifestazioak egiteko askatasuna: Manifestazioak egiteko askatasuna. Manifestazio baketsuak deitzeko ezintasunak eta debeku hori betearazteko erabiltzen den indarkeriak, gero eta lotsagarriagoak diren polizien basakeria-erakustaldiekin, horren arduradunen eta kudeatzaile politikoen benetako aurpegia erakusten dizkigute.

- Intimitaterako eta pribatutasunerako eskubidea. Zaintzarako eta gizartea kontrolatzeko teknologien ugaritze, talde politikoei espioitza, datu pertsonalak fitxategi sekretuetan biltzea eta erabiltzea “segurtasunaren” kontzeptu ahalguztidunaren babespean garatutako neurriak pertsonaren arlo pribatuarekiko eraso argia dira, estatu polizial baten ezaugarri nabarmenena delarik.

- Justiziarako giza-eskubidea: Ez dago justizia administrazioak berak sortzen duen bidegabekeriaren menpe gauden euskaldunontzat justizia topatzeko inolako aukerarik. Jarduera publikoaren kriminalizazioa eta “terrorismo” hitzaren hedadura amorratua justizia administrazio osora zabaldu egin dira minbizia bezala. Arbitrariotasuna eta politizazioa guztiz finkatu dira botere judizialaren barruan.

- Botoa emateko eskubidea. Hauteskundeetan botoa emateko eskubidea sumariopean dago eta herritar guztiei adierazpen politiko batzuei botoa emateko eskubidea kendu zaie, adierazpen horiek ezin baitute benetako demokrazia batean alderdi politikoei dagokien funtzioa bete. Elkarrizketa politikoa, ondorioz, kriminalizatuta dago.

- Hautagai izateko eskubidea. Milaka herritarrei hauteskundeetarako zerrendetan aurkezteko eskubidea ukatzen zaie gero eta handiagoak diren zerrenda eta fitxategi sekretuetan sartuta. “Kutsatuak”, “infiltratu”, “parasitatu”, “zerrenda zuriak eta beltzak” eta antzekoak erabiltzen direlarik, estatuaren jokabide erabat bortxatzailearen adierazle nabarmena dena. Zabalduz doan herritarren sektore honen kontrako apartheidak bere osotasunean erakusten du hemen bere esanahia.

- Egoera konpontzeko eta demokrazia ezartzeko eskubidea. eskubide zibil eta politikoetan ematen ari den iraulketaren aurrean, benetako justizia eskatzen dugu, eta ordain egokia, berriro gertatuko ez den bermeaz, egungo egoera atzerapenik eta aitzakiarik gabe gainditzea.

Atzeraezina, saihestezina eta ezinbestekoa da Euskal Herrian parte-hartze demokratikorako guneak birsortzea. Gaur egun ia guztiz desagertuta dagoen askatasunen sistema ezartzea eta eskubide zibil eta politiko oinarrizkoenak finkatzea irmoki aldarrikatzen dugun lehentasunak dira.

AURREA HARTU, EKIN,

EUSKAL HERRIAN ETORKIZUN LIBREA IRABAZI:

Unea heldu da, aurrea hartu, batera ekin eta hau guztia aldatzeko unea heldu zaigu, herritarron nahi eta behar dugun erako aldaketa sortzeko unea da hau. ADIERAZI E.H. da aldaketa hori burutu ahal izateko tresna egokia.

Euskal herritarrak oro deitzen zaituztegu eskubide zibil eta politikoen aldeko sare hau antolatzera, herriz herri eta arloz arlo sarea jostera, Euskal Herri osora hedatu arte. Hainbat arinen eta modu sendoan hedatu behar dugu sarea, gaurko egoera honetatik lehenbailehen irten eta etorkizun librea bermatu behar baitugu Euskal Herrian.


No hay comentarios:

Publicar un comentario