martes, 10 de agosto de 2010

Abuztuak 14 Giri Eguna, Zarautzen




Zarautz-ko gazteen oharra:

Herri kuriosoa dugu Zarautz.

Hemen uda ez du eguraldi onak iragartzen, udaletxeak baizik. Has gaitezen udalak ekainean iragartzen duen udako jai eta kultura programatik, eta jarrai dezagun uneoroko presentzia polizialarekin. Kaleak ere ederki agertzen zaizkigu, txukun eta garbiak, kartel edo pintada aldarrikatzaile txikiena ere desagertu egiten da, eta herriko lorategiak inoiz baino ederrago.

Hala ere, Zarautzen dena ez da arrosa kolorekoa. Herri honek turismoaren bidea hartu zuenetik pixkanaka-pixkanaka herri izaera galdu du, oporretarako hiri izatera igaroz. Izan ere, herri honetan denak du zerikusia turismoarekin. Herriko lur ia denak konstrukore espekulatzaileenak dira, herria urtean hilabete batez erabiltzen diren bigarren etxebizitzaz betea dago, eta alokairu duin bat lortzeko esperantzak oso txikiak izan ohi dira. Gainera udalak luxuzko etxebizitzak sustatzen ditu Talai Mendin ikus dezakegun bezala.

Zerbitzu sektoretik kanpo lan egiteko aukera gutxi dago, eta lurra lantzekoa zer esanik ere ez, nahiz eta gure politikari maiteek Zarauzko nekazal lurrak goraipatzeko adinako hormigoizko azala duten.

Zarautz herri garestia da eta errealitate honen aurrean gazteok herrian bizitzen jarraitzeko aukera zaila ikusten dugu. Honegatik, behin eta berriro galdera bat datorkigu burura: “zeinentzako da herri hau?” Ordaindu dezaketentzat? Urte osoan hemen bizi garenontzat edo urtean hilabete pare batean xoxak xahutzen duten udatiarrentzat?

Ez zaigu arrazoirik falta zalantza hau izateko. Herriaren pribatizazioa etengabe aurrera doan olatu bat da. Udalak inoiz baino diru gutxiago izan arren milioika euroko proiektuekin aurrera jarraitzea erabakitzen du, eta bitartean TAO sistema herri osora zabaldu eta isun beldurgarriak ezartzen dituzten ordenantzak onartzen dituzte. Ez ginateke harrituko hondartzarako sarrera kobratzen hasiko baziren ere! Ederrak baitira gure agintariak! “Partehartze” hitzak ahoa betetzen die, baina herritarrekin egindako bileretan “udalak nahi duena egingo duela” diote.

Lege berriak asmatzen dituzte garbitasunaren aitzakian kaleak kontrolatuta izateko, eta herritarren kaleko ekimenak oztopatzen dituzte, benetako partehartzea pikutara bidaliz. Eta honetarako dozenaka polizia kontratatzen dituzte, beraiek aurkakoa esan arren udaletxearentzat zelatariak besterik ez diren poliziak.

Honexegatik irtetengo gara egun hortan kalera, giri eguna ospatzera. Ez giriei parre egitera, kaleak gureak ere badirela aldarrikatzera baizik. Gure herrian bizi nahi dugulako, eta lasai bizi gainera, arnasa hartzeagatik ordaindu gabe, etxetik atera orduko guri begira dauden poliziarik gabe. Agian giriz jantzita hobeto tratatuko gaituzte, batek daki

No hay comentarios:

Publicar un comentario