2005eko martxoaren 25-27an erein genuen MusikHerria herri diskoetxea
GazteMugi topaketetan eta, horren ostean, maiatzaren 14an Arrasaten,
maiatzaren 28an Gasteizen, uztailaren 2an Bilbon eta irailaren 17an
Donibane Lohitzunen ureztatutako proiektua urriaren 22an loratu zen.
2006ko urtarrilaren 3an, Burlatan, martxoaren 4rako jaiotza ospatzeko
jaialdi erraldoia egitea erabaki genuen. Begi-bistan, Euskal Herri osoko
proiektua, parte-hartzailea eta autogestionatua izango zen musika
proiektua.
Musika gustuko genuen gazteak batu ginen eta "musika-mundua" deitzen
genion hura iraultzeko tresna sortu genuen. Lehenengo aldiz, Euskal
Herrian, musikariek haien musika hedatzeko, modu kolektibo eta antolatu
batez. Honelako hitzak erabili genituen: diskoetxe herritarra, copyleft,
autogestioa, asanblada...
Ez da bide erraza izan musikan eragitea, baina ziur gaude Euskal Herriko
kultur eragile garrantzitsu bat izan garela. Izan ere, ideia sortu
zenetik, pasa diren 7 urteetan, MusikHerriatik 74 talde zein bakarlari
pasa gara eta 82 lan kaleratu ditugu modu fisikoan (CD, DVD, liburu).
Denak autogestionatuak, denak lizentzia libredunak eta beraz, denak
herritarren eskura jarriak. Diskoetxeko partaideok musika borroka tresna
bezala erabili dugu eta, horregatik, MusikHerria bera jendarte-eragile
bat bihurtu dugu: kulturaren alde, proiektu txikitzaileen aurka,
euskararen alde, zapalkuntzen aurka, gazte eta herri mugimenduaren
alde... herriaren alde.
Baina, hasten diren gauza guztiei bezala, guri ere, agur esateko ordua
heldu zaigu. Beti bezala, agur batek bere arrazoiak ditu eta gu ez gara
salbuespena izango:
- Oso gazte hasi ginen eta oso indartsu, Euskal Herriko musikaren mundua
iraultzeko ideiarekin, baina pertsona eta musikari bezala heltzen joan
garen heinean, eta talde berriak gehituz joan diren heinean, ez ditugu
ideiak eta diskurtsoak berritu edo, behintzat, ez dugu modu antolatu
batean egin, eta argi dago elikatzen ez den proiektuak ezin duela
aurrera egin.
- Gure agurrak ez dauka zerikusirik kapitalismoaren krisiarekin, baldin
eta kultura merkantzia hutsa bihurtu ez badugu behintzat, ezinezkoa
baita kultura krisian egotea.
- Zaila da kultur eredu merkantilista betikotu nahi dutenen aurrean kultur eredu berri bat sortzea, baina bide bakarra izan da.
- Zaila da jendarte berriaren alde egiten duten eragileen erreferentea
izan ez arren aurrera jarraitzea, baina bide bakarra izan da.
- Baina zailagoa da inertzian erori den kolektibo bat berpiztea. Azken
finean, 7 urte hauetan, MusikHerriako kideok hainbat ideia eta zenbait
ikuspegi sortzen joan gara eta, askotan, kolektiboaren erritmo eta
jarraikortasun faltagatik, ideia berri guztiak kaxoi batean geratu dira,
hau da, kontzeptu berriak kaleratzeko oztopo nagusiena eragilea bera
bihurtu da, MusikHerria bera esan nahi dugu.
Horregatik, ondo hasi zena ondo bukatzeko, MusikHerriako kideok, bide
berriak lantzea pentsatu dugu. Argi dugu gaur egungo kulturaren egoerari
erantzungo dioten ideia berriak behar direla eta MusikHerriak,
kolektibo bezala, ez du gehiagorako ematen. Beraz, ikusiko dugu ze
sorpresak dakarzkigun ideia berrien zabaltze honek! Hori bai, azkeneko 7
urteetan bezala, ideia bat berresten dugu: Euskal Herriak kultur
eztabaida sakona behar du, etortzear dagoen beste jendarte mota berri
batek sortuko eta ulertuko duen kultur eredua sortzeko, alegia. Eta,
ziur gaude, bide horretan, MusikHerriak adreiluren bat jarri duela,
baina argi dugu ere, kolektibo bezala, hustu egin dela.
Hortaz, 2012ko martxoaren 4an, jaiotze-jaialdia ospatu genuenetik 6 urte
betetzen diren egunean, MusikHerria kolektiboak agur esan du behin
betiko. Hala ere, MusikHerriako kideok musikan jarraituko dugu, ziur
tresna eraginkorragoak sortuko ditugula eta, espero dezagun,
MusikHerriaren esentzia denboran mantentzea, bestela, jai dugu!
Bukatzeko, adierazi nahi dugu MusikHerriako proiektuan erabili gabe
dugun diru apurra, hurrengo egunetan Lodosako Ibaialde ikastolari ematea
pentsatu dugula. Ez da diru asko izango, baina MusikHerriaren
ibilbideak bukaera duina izateko modu onena iruditu zaigu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario