Fukushimako istripuaren urteurrena dela eta, alderdi popularraren
gobernuari, Garoñako zentral nuklearra berehala ixteko eskatzen diogu
eta arrisku nuklearra salatzeko euskal herritarrak mobilizatzera deitzen
ditugu.
Igande honetan, martxoak 11, Japoniako Fukushima-Daiichi-ko lau
erreaktore atomiko hondatu zituen istripu larria gertatu zenetik urte
bat beteko da. Erreaktore nuklear horiek, hilabetetan zehar isuritako
erradiaktibitate kopuru handiek, gizakion osasunean eta ingurugiroan,
eragindako kalteak oraindik ere ez dira ondo ezagutzen. Askatutako
erradioaktibitatea gutxienez, Txernobil-en askatutakoaren %20a dela
egiaztatu dute, eta jakina denez, Txernobilen milaka hildako eta milaka
milioi eurotako kalte materialak egon ziren.
Egunotan, Alderdi Popularraren industria ministro berriak, bere
alderdiak hartutako erabaki politiko eta sozialekin bat eginez, Garoñako
zentral nuklearraren bizitza 2019raino luzatzeko asmoa azaldu du,
2013rako aurreikusita zegoen itxiera bertan behera utziz.
Gobernu
berriak Energia Nuklearraren Kontseiluari, CSNari, zentralaren inguruko
txosten bat egiteko agindu zion eta txosten honek Garoñaren bizitza
luzatzeko arazorik ez dagoela esaten du, guk txosten honen balioa
zalantzatan jartzen dugu kontseilu honen objektibotasun ezagatik.
Honekin batera gogorazi nahi dizuegu, 2009ko dekretutik hona egin
beharreko berrikuntzen %25a baino gutxiago egin dituztela eta
honengatik, gure salaketa bikoitza da; alde batetik, azkenengo hiru
urteetan CSNak zentralaren gainean izan duen kontrol eza, eta beste
aldetik, zentralaren egoera onargarritzat hartzea, Garoñan akats eta
anomalia ugari eman eta ematen ari direnean. Gainera, ez dugu ahaztu
behar Europako Batzordeak zentralari egindako estres frogen emaitzak,
oraindik aztertzen ari dituela. Hau guztiagatik, CSNari egindako
txostena zuzentzeko eskatzen diogu eta bide batez, ebaluazio berri bat
egitea eskatzen dugu, oraingo honetan zorrotza eta sakona.
Beste
aldetik, Aznar-ek zuzendutako FAES erakundeak, energiaren alorrean
emandako irizpideak jarraituz, eta Iberdrola eta Endesa bezalako enpresa
elektriko handien interesak babestu nahian, Soria industria ministroak,
hemendik aurrera, energia berriztagarrien aldeko diru laguntzak eteteko
agindua eman du. Honek, ingurugiroan ondorio larriak izango ditu eta
gainera, energia berriztagarrien sektore ekonomikorako kolpe latza
izango da, hurrengo urteetan milaka lanpostu galduko dira eta.
Santa Maria de Garoña zentral nuklearra Burgosen dago, Tobalinako
haranean, Euskal Herritik kilometro gutxitara, eta 1971an Francok
zabaldu zuen. Garoña, Espainiako zentral nuklear zaharrena da eta
lehenengo belaunaldiko zentral nuklearren artean, bera da martxan
jarraitzen duen bakarra; Vandellós I 1990ean itxi zuten istripu baten
ondorioz eta gobernuak Zorita 2006an itxi zuen.
Garoña zabaldu zutenetik, 41 urte pasa dira eta denbora tarte honetan
istripu ugari gertatu dira, larrienak hauexek dira: 1975ean isurketa
atmosferara, hodei erradiaktiboa sortuz; ur erradioaktiboaren isurketa,
2.880 litro, 1981ean; txatarra erradiaktiboa birziklatzeko biltegi
batera eraman zuten 2004ean; erregaian hausturak gertatu ziren eta
lehenengo zirkuituan erradioaktibitatea askatu zen 2007an. Honi gehitu
behar zaio Ebroko uraren gehiegizkoa beroketa. Azkenik, erreaktorearen
ontzia eta lehenengo zirkuitua, kaltetu dituen korrosio prozesuak
hainbat pitzadura sortu ditu, arazo hau, 1981ean antzeman zuten
lehenengo aldiz eta oraindik ez dute konpondu.
Garoñak, zentral nuklear guztiak bezala, hondakin erradioaktiboak
sortzen ditu, eta milaka eta milaka urtetan zehar oso arriskutsuak
izaten jarraitzen duten hondakin hauentzako, ez dago konponbide
teknikorik. Garoñako hondakinak (haien artean plutonioa, 250.000
urtetako bizitza erradioaktiboa duena) Ingalaterrara eraman izan dira,
baina, azken urteetan zentralaren ur-biltegietan gordetzen ari dira.
Gobernu popular berriak, Cuencan, “hilerri nuklear” bat eraikitzeko
erabakia hartu berri du, Aldi Baterako Biltegi Bateratua izenaz
ezagutzen dena, Estatu Espainiarreko zentral nuklear guztien aktibitate
handiko hondakinak bilduko dituena.
Garoñak, bizitza ekonomikoa edo amortizazio garaia orain dela hamabost
urte bete zuen eta hori dela eta, oso errentagarria bihurtu da, gaur
egungo kostuak soilik, erregai erradioaktiboa, langileen soldatak eta
konponketa lan eskasak baitira.
Garoña ez da beharrezkoa, honek sistema elektrikora egiten duen
ekarpena, ohiko energiak eta energia berriztagarriak ordezkatzeko gai
dira. Bere potentzia, estatu espainiarreko sistema elektrikoaren
potentziaren %0.6a baino ez da eta bere ekoizpena, ekoizten den,
elektrizitate guztiaren %1.5a baino gutxiago da.
Garoña, Euskal Herritik kilometro gutxitara dago, Gasteizetik 45
Kilometrotara eta Bilbotik 80 kilometrotara. Burgoseko Larrialdi
Nuklearretarako Planak, 30 Kilometroko erradioan neurriak hartzea
aurreikusten du. Estatu Batuek, 1979eko Harrisburg-eko istripua gertatu
eta gero 90 Kilometro hartzen dituzten planak eskatzen dituzte eta
Fukushima-ko istripuan 40 Kilometroko erradioa erabili zuten.
Fukushima-ko lehenengo erreaktorea, Garoñako zentralaren bikia da,
teknologia berbera du (BWM, “ura irakitenekoa” bezala ezagutzen dena),
antzeko potentzia dauka (460 Mw) eta urte berean zabaldu zuten
(1971-an). Nuclenor enpresak, Garoña, Fukushimako zentralaren ahizpa
bezala aurkeztu izan du behin baino gehiagotan, eta 2010eko ekainean
Fukushimako teknikoak Garoñara etorri zirenean, Nuclenor-ek bisita hori
Garoñako zentralaren segurtasunaren frogatzat hartu zuen.
Fukushimako istripua eta gero, Alemaniak, bere 7 zentral zaharrenak
itxi zituen eta hemendik 2021era, 10 zentral gehiago ixteko plana
aurkeztu du eta honekin batera, energia berriztagarrien aldeko apustu
garbia egin du. Espainiak ordea, Fukushima-ko istriputik ikasi
beharrean, zentral nuklearren bizitza berrogei urtetatik gora luzatzeko
erabakia hartu du, Garoñaren kasuan 2019ra arte.
Euskal
gizarteak eta bere instituzioek (udalak, aldundiak, Eusko
Legebiltzarrak), Garoñako zentral nuklearra ixtearen aldeko jarrera
azaldu dute behin baino gehiagotan.
Garoña zaharkitutako zentral nuklearra da, ez da beharrezkoa, arriskutsua da eta aspalditik amortizatuta dago.
Hau
guztiagatik, Bizkaiko herritar guztiak martxoaren 10ean, larunbata,
Garoñaren itxiera eskatzeko manifestazioan parte hartzera animatu nahi
ditugu.
Bilbon, 2012ko martxoa 6ean
No hay comentarios:
Publicar un comentario