lunes, 22 de abril de 2013

ZORIONAK BGA



7 urte pasa dira jada Barakaldoko gazte asanblada sortu genuenetik, Barakaldoko gazteok antolatzen eta alternatibak  sortzen hasi ginenetik, Barakaldoko errealitateari buelta ematearen proiektuaren lehenengo adaxkak sortzen hasi zirenetik.

Jakin badakigu batzuentzako 7 urte hauek luzeak eta neketsuak izan direla, bada, esplotatzaile, espekulatzaile eta politikari ustelduentzako ez da batere erraza izan horrelako gazteri zirikatzaile eta oztopatzaile batekin bizikidetza baketsu eta lasai bat izatea.

Baina Barakaldoko gazteoi, 7 urte hauek ziztu bizian pasa zaizkigu, gure herria eraso nahi dutenak zirikatzea gure denbora-pasarik hoberena baita, eta, egia esan, egin ditugun ekintza guztietan ikaragarri ondo jardun garelako, irmotasunez eta segurtasunez hartu baikenuen gure bidea, inoiz ez baikara damutu garenaz eta izan nahi dugunaz, eta argia ikusten dugulako gure helburua beraien gezur ilunen artean.

Esan bezala,  7 urte hauetan hamaika bizi izan ditugu, eta oraindik ere aurrera darraigu, gure oraina eta geroa kolokan dagoelako, eta egora honi aurre egiteko aurrez-aurreko borroka irtenbide bakarra dela deritzogulako.

Bide honetan denetarik ikusi izan dugu, Dorretxeko dorrearen zapaiatik hodeiek forma bereziak hartzen zuten, ametsetan bakarrik hartu dezaketen formak, dorretxea ametsa bera zelako. Makalako kristaletatik kaleek kolore arraroak zeukaten, gorputza ilusioz eta gogoz beterik daukazunean bezala ikusten dituzun koloreak bezalakoak, Makala ilusioen fabrika baitzen. Oletako zuhaixka eta belarrek era bitxi batean hasten ziren, bada, ez ziren hasten eguzkiaren argia hobeto jasotzeko, baizik eta zerua ukitzeko gogo eta itxaropenekin botatzen zituzten gorantza haien adarrak, Oleta pasibotasunaren kontrako eta utopiaren aldeko ekintza zuzena izan zelako. Eta kale gorrian geundenean etxe hutsak ikusten genituen iluntasun gris batekin, negarrez hasteko gogoak izango balute bezala, eta amorrua sentitzen dugu, guk barruan daukagun alaitasun, poztasun eta energia guztia ezin diegulako helarazi.

Benetan bide polita egin izan duguna. Eta oraindik ere gogotsu begiratzen diogu etorkizunari erronka berriak gainditzeko prestutasunarekin.

Gaur, pasa izan ditugunak pasata, gazteri kritiko eta errebeldearen ezaugarri den harrotasun eta alaitasunarekin ospatzen dugu gure 7. Urteurrena, eta gure inguruari so eginez, ikusten dugu nola beste behin ere etsaiek gure aurka inoiz baino bortitzago ekiten duten, haien krisi kapitalista aitzakia izanik, nola lana prekarizatzen duten, gure eskubideak murrizten dituzten eta gure lurren suntsiketarekin jarraitzen duten. Honek zeharo larritzen gaitu, baina ez gara desesperoan edo tristuran jausiko, gaur, 7 urte hauetan egin duguna gogoan izanda, eta gazte borrokak eman dezakeen emaitzak ikusita, inoiz baino indar gehiagorekin jarraitzeko determinazioa daukagu, oraindik ere gure begien barnean sua daukagulako.

GORA BARAKALDOKO GAZTE ASANBLADA! GORA BARAKALDOKO GAZTERI KRITIKO ETA ERREBELDEA!

No hay comentarios:

Publicar un comentario