domingo, 25 de septiembre de 2011

KUKUTZA BIZIRIK

KUKUTZA BIZIRIK!

Asteazkenean Kukutza Gaztetxea desalojatu zuten bortizkeria izugarriz. Goizeko lehenengo ordutatik Errekaldeko auzokideak eta bertara hurbildu ziren pertsona guztiak kolpatuak, irainduak izan ziren. Arratsaldeko manifestazioan ertzainek jarrera berbera mantendu zuten: pilotakadak, kolpeak, korrikaldiak... Ostegun goizean Bilboko justizia jauregian eta “Gran Via” kalean kargak errepikatu ziren.

Ostirala izan zen egunik gogorrena, Errekaldeko auzoa salbuespen egoeran murgildu zen. Indar errepresiboek auzoa hartu zuten, auzokideak eta elkartasuna adieraztera hurbildu zirenak kolpatuz, komertzio eta tabernetan sartuz(kasu batzuetan pertsianak apurtzen) bertan zeudenak kolpatuz eta atxilotuz, atarietan sartu ziren bortizkeriaz, etxeetara joan ziren jendearen bila. Jendeari mugikorrak eta kamerak lapurtu zizkieten, osasun zentroan sartu eta parteak lapurtu zituzten, etxebizitzen kontra pilotak tirokatu zituzten... orduak pasa ahala errepresioa Bilbo osora zabaldu zen, edozein protesta egiteko saiakera zapalduz. Atxilotuak eta zaurituak asko izan ziren eta hurrengo egunetan testigantza guztiak biltzea eta zabaltzea espero da.

Guzti honen aurrean, errepresioa eta egoera guzti horiek jasan zituzten pertsona guztiei, Barakaldoko Gazte Asanbladak elkartasuna adierazi nahi die, baita Kukutza Gaztetxe berari eta egun hauetan gertatutakoaren arduradunak salatu nahi ditugu: Azkuna, Ares, Cabisa enpresa... besteak beste.

Beste behin ere, sistema kapitalistak indarkeriaz beren interesak inposatzen saiatu da eta herriaren proiektu bat eraso du. Kukutza III Gaztetxea kultur eta bizimodu alternatibo baten erreferentea zen: herritarren interesen menpekoa, soziala, auzoarena... Errekaldeko gune kultural bakarra. Ostiralean eraikina bota zuten, baina jakin dezatela kukutza bizirik dirauela, proiektua aurrera jarraituko duela eta autogestioa eta antolakuntzaren bidez Errekaldeko auzoan herri kultura eta alternatibak aurrera jarraituko dutela, ametsak egi bihurtzen jarraituko dutela eta ostiralean bertan  Kukutza IV jaio zela.

Barakaldoko Gazte Asanbladatik animoak eta elkartasuna Kukutza eta Errekaldeko auzo guztiari adierazi nahi dizkizuegu, duintasunaren erakusleak direnez, beraien lanarekin jarraitzeko eta boteretsuen amets gaixtoak izaten jarraitzeko.


GORA KUKUTZA!
GORA ERREKALDE AUZOA!

BARAKALDOKO GAZTE ASANBLADA

No hay comentarios:

Publicar un comentario