Barakaldoko emakume gazteen taldea abian
da jada. Atzo bildu ziren estreinako aldiz, San Bizente auzoan, herriko
talde ezberdinetako hogeiren bat emakume elkartu zirelarik. Helburuak,
guztien artean plangintza zehatz bat garatzea eta lan egiteko erak
finkatzea. Oraindik ez daukate izenik, baina horrek ez ditu kexkatzen.
Bai baina Barakaldon dagoen sexuen arteko parekidetasun eza, jai giroko
musika sexista, emakume langilearen egoera lazgarria edota eraso
sexistak.
Egoera horiek aldarazteko batu dira, hain zuzen ere. Emakumeen egoera hobetzeko elkarlana bide hoberena dela baitakite. “Ez
dugu pertsona finko batzuez osatutako talderik nahi. Gure helburua
Barakaldoko gazteria gugana hurbilaraztea da, herriko emakumeen egoera
hobetzeko lan egitera hurbiltzea. Horretarako, emakume guztien laguntza
beharrezkoa da”, nabarmendu zuten atzo bildutako emakume gazteek, HerriKoloreri egindako adierazpenetan.
Hasierako diagnostikoa uda baino lehen
gazte mugimenduak egindako hausnarketa sakon baten fruitua da. Orain,
helduberrien ekarpenekin aberastu eta lanean hasteko mementua heldu da. “Badakigu bide luzea izango dela, baina ez dugu amore emango”, jakinarazi zuten.
Izan ere, arazo larrienak, askotan, gure artean topatzen direla badakite. “Gizarte
matxista oso baten bizi gara. Hala ere, sarritan, konturatu barik,
horrelako jarrerak erakusten ditugunok gu geu gara, edota gure
ingurukoak. Zoritxarrez, jarrera matxistak oso hedatuta daude gure
gizartean. Hori izango dugu lan egiteko”.
Nondik datozen argi daukate, baita non dauden eta nora heldu nahi duten ere. “Talde
hau herri mungimendutik aterata dago. Beraz, herri mugimenduaren parte
da, eta, parekidetasuna lortzeko bidean, horren barnean egongo gara”.
Bide horri, baina, ez diote bakarrik ekingo. Barakaldoko Argitan
emakumeentzako aholku etxeako kideekin kontaktuan jartzeko asmoa
daukate. Hasieran, laguntza eske. Aurrerago, elkarlanean aritzeko.
Ezkerraldeko herrietako emakume taldeekin ere elkartuko dira. “Herri bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta besteengandik asko ikasi ahal dugu”, agertu zuten.
Laister, talde berri honen aurkezpen
ofiziala burutuko dute. Bitartean, lanean jarraituko dute. Datorren
astean, oporrak aprobetxatuz, beste bilera bat egingo dute, eta, berriz
ere, herriko emakume gazte guztiei bertaratzeko gonbitea luzatu zieten.
“Gazteok garen heinean, guri eragiten dizkiguten erabakiak eskubide osoz
erabaki ditzakegu, bai eta gizarte osoari eragiten dizkiotenetan ere”,
adierazi zuten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario