domingo, 26 de febrero de 2012

GAZTE MARTXA 2012 APIRILAREN 6,7 ETA 8AN SARATIK LESAKARA

Apirilaren 6an Saran abiatu eta 7an Lesakan bukatuko den Gazte Martxan parte hartzera deitu du euskal gazteria Jalgi Hadi Garaipenera gazte ekimenak. Gazte Martxa elkar harremandu eta elkarrengandik ikasteko aukera paregabea izango dela jakinarazi dute, “gozatuz ikasteko eta ikasiz gozatzeko”. Martxarekin batera, apirilaren 8an Iruñean Independentistak sareak deituriko Aberri Egunean parte hartzeko deia ere zabaldu dute.

 

Jalgi Hadi Garaipenera ekimenaren oharra:

 Herri askea. Euskal Herri burujabea. Gure herriko jendarte eredua guk geuk erabakitzeko eskubidea. Gure ahotatik hitz hauek botatzean, askotan entzuten dugu hauek ametsak besterik ez direla, utopiak. Askok esaten dute ezin dugula benetako askatasunean sinistu, hori ez delako inoiz izan, eta are gehiago, ez delako inoiz izango. Batzuk ordea, hobe lukete bizi diren jaioterriaren iraganean murgildu, horrela, seguraski, etorkizuna gardenago ikusiko lukete.
Eta horixe da gazteok egiten ari garena. Herriz herri, gure arbasoek egindakoaz ikasiz, etorkizuna marraztu. Borroka latza izan zen ordukoa, eta gaur, borroka horren beste bataila bat emateko prest gaude, irabazteko bataila alegia. Gure herria inbaditu eta zatikatu zutenetik 500 urte pasa diren honetan, askatasunerako bidea, inposatutako kateak apurtzeko aukera, inoiz baino gertuago daukagula sinetsita gaude.
meslariak garela leporatzen digute sarritan, ametsak hori direla, soilik ametsak. Baina ez dira ohartzen euskal gazteok gaitasun berezi bat daukagula: ametsak egi bihurtzeko gaitasuna. Nork pentsatzen zuen 1512an herria batuta mantenduko zela? Nork uste zuen borroka piztuta jarraituko zuela? Etsita geundela saldu ziguten, inbadituak eta garituak izan ginela sinestarazi ziguten. Baina ez ziren ohartu gure gaitasunaz. Eta egun esan dezakegu, Euskal Herria hemen jarraitzen duela, zutik eta batua, duintasunez aurrera jarraitzen duen herria.

Herri bat bazen, eta herri bat bada. Argi daukagu hori. Askea, burujabea izango den herria. Jendarte eredu ezkertiar eta aurrerakoia martxan jarriko duen herria. Egungo zatiketa eta inposizioari aurre egingo dion gizon eta emakume borrokalariez eratutako herria.
500 urte pasa dira gerlariek bataila eman zutenetik. Gerlari asko gara egun ere, konpromiso eta ilusioz beteriko gerlariak, etorkizun duin eta hobe baten aldeko gerlariak. Gazte, heldu, emakume zein gizon, ikasle eta langabetu, Sarakoa eta Lesakakoa, herrikoa zein hirikoa. Asko gara.

Pauso batek aurrerapen txikia suposatzen du. Baina gerlari guztion, borrokalari guztion milaka pausuk bidea egiten dute. Horregatik, gazteok Euskal Herriaren askatasunaren alde, etorkizuneko jendarte eredu berriaren alde, pausu berri bat ematera goaz, milaka pauso berri ematera goaz. Mugak hautsiz, Saratik eta Lesakaraino, pausoz pauso askatasuna irudikatuko dugu gazteok. Herri bat bazen, eta herri bat bada, mila ahotsez, mila proiektuz, mila pausu emanez askatuko dugun herria.

Horregatik, apirilaren 6an Saran abiatu eta 7an Lesakan bukatuko den Gazte Martxan parte hartzera deitzen dugu euskal gazteria. Elkar harremandu eta elkarrengandik ikasteko aukera paregabea daukagu gazteok Gazte Martxan, gozatuz ikasteko eta ikasiz gozatzeko. Halaber, apirilaren 8an Iruñean Independentistak sareak deituriko Aberri Egunean parte hartzeko deia ere zabaldu nahi dugu.

Iragana buruan izanik, etorkizuna marrazteko momentua heldu zaigu.
Utopia zena, ametsa ematen zuena, errealitate bihurtzeko aukerak zabal zabalik ditugu. Hartu dezagun 500 urteetako borrokaren uzta eta eraiki dezagun biharko Euskal Herri gorria. Estutzen gaituzten kateak apurtuz, bildu dezagun historia, batu dezagun gazteria, aktibatu dezagun herria, eraiki dezagun Euskal Herria!

 Informazio gehiago jalgihadigaraipenera.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario