Gaur hemen bildu garen gazte independentistok Euskal Herrian ireki den ziklo politiko berriaren balorazioa egiteko asmoz aurkezten gara.
Aldaketa politiko sakonen zurrunbiloan murgilduta gauden honetan, gazteok indarrez hartzen dugu bizi dugun momentu historikoa. Irmotasunez diogu: ezker abertzaleak azken hamarkadetan egunez egun aurrera eramandako borrokak ahalbidetu du egungo eszenatoki politikoa. 50 urteko borrokak ekarri gaitu ukazio egoera gainditueta askatasuna eskuratzeko une honetara eta, Zutik Euskal Herria ebazpenak askapen borrokan urrats berriak emateko aukerak ireki ditu. Ez da bide erraza izan, arantzaz betea izan da baina etorkizunari baikor begiratzen diogu. Zentzu horretan, azpimarratu nahi dugu ETA erakunde armatuak bere jarduna behin betiko eteteko hartutako erabaki ausart eta pisutxua.
Ibilbide horretan, ezinbestean ekarri behar da gogora gazteriak belaunaldiz belaunaldi egindako borroka, eta testuinguru ezberdinetan egindako ekarpen mamitsuak. Begi bistan dauzkagun aukerak nekez ulertu daitezke euskal gazteriak ilusioz eta konpromisoz, urte luzeetan egindako lana kontuan hartu gabe. Gatazka egoeran jaio eta bizi garen gazte belaunaldia gara. Oztopo ugari jarri dizkiguten arren, ez gaituzte geldiarazi. Helburuak argi, orain arte egindako lanaren fruituak jasotzeko garaia da eta baita gure bidean harri berriak jartzekoa ere. Gazteriak beti jakin izan du egoera berrietara moldatzen. Abangoardia izan garela esatera ere ausartuko ginake, eta eszenatoki politiko berrian ez gara gutxiago izango.
Egungo aro politikoak eta Euskal Herriak dituen erronkek inoiz baino gehiago eskatzen du euskal gazteri konprometitua. Bizi dugun uneari tamainan erantzuteko eta arduraz jokatzeko garaia da. Gazteriaren antolakuntza eta lana ezinbestekoa da Euskal Herria burujabe izango den eta bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat eraikiko duen agertokira eramateko. Lehentasunezkotzat jotzen dugu gure herrian gaur gaurkoz ukaturik jarraitzen duten eskubideak bermatzea: norbanako zein kolektiboenak. Zentzu horretan, gazteok gure jarduera politikoa askatasunez garatzeko dugun eskubidea bermatzeko exijitzen diegu egunero ahoa demokraziaz betetzen duten politiko horiei. Ezinbesteko baldintza da hori Euskal Herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea errespetatzeko bidean.
Euskal gazteriak berezkoa duen grina eta irudimenaz behin eta berriz erakutsi du testuinguru sozial eta politiko ezberdinetan eragiteko ahalmena. Orain, indar handiagoz berretsi behar dugu hori. Sarri entzuten dugu gazteria dela etorkizuna, baina oraina ere bagara eta gazteria subjektu politiko aktibo gisa egituratu behar da. Zentzu horretan, sistema kapitalista eta patriarkalaren zapalkuntzei aurre egiteko, zein nazio eraikuntzan sakontzeko antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu. Lantegian, ikastetxean, gaztetxean, tabernan, kalean zein sarean, hori, gorri, more nahiz berde. Pertsona askez osatutako herri askea, hori da independentzia.
Beraz, lekukoa gure eskuetan daukagu. Borrokak ekarri gaitu hona eta borrokak eramango gaitu garaipenera: independentzia eta sozialismora. Bukatzeko, euskal gazteriari deia luzatu nahi diogu askapen prozesuan aktibo izateko. Sormenez, alaitasunez, eta errebeldiaz bestelako eredu sozial batean oinarritutako Euskal Herriaren alde indarrez ekiteko garaia da. Gaur hemen bildu garen eta bortxaz falta diren gazte guztion eskuetan da orain arteko uzta jaso eta gaurtik hasita, etorkizun berria eraikitzeko erronka. Guztion jardunaz soilik lortuko dugu Euskal Herri aske eta sozialista.
Gora euskal gazteria!
Gora Euskal Herri aske eta sozialista!
Gazte independentistak, Donostian 2011ko azaroaren 5ean
No hay comentarios:
Publicar un comentario